Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da ekimena
Irun hiriak Euskaraldian parte hartuko du, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea dira sustatzaile orokorrak, eta 350 udalerritan baino gehiagotan egingo da. Irunen, gizarteko eragile ezberdinetako ordezkariek osatutako lantaldearen eta udalaren artean antolatzen ari dira. Izen-emate epea irailaren 20an hasiko da.
Ariketa sozial bat izango da Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzea helburu izango duena. Hamaika egun horietarako, Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratu beharko dute 16 urtetik gorako irundarrek.
Ahobizi: ulertzen duen orori euskaraz egingo dio, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die.
Belarriprest: harekin euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko du, ulertu egiten baitu. Euskaraz edo erdaraz erantzun ahal izango du, baina euskaraz egin diezaioten nahiko du.
Soinean eramango duten txaparekin identifikatuta egongo dira Ahobiziak eta Belarriprestak. Norberak, bere inguruan, bere ohiko harreman sarean egingo du ariketa: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan… Hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea izango da helburua.
Txapak jaso eta Euskaraldian parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago. Irailaren 20an hasiko da izen-emate epea. Internet bidez egin ahal izango da, www.euskaraldia.eus web gunean. Paperean egiteko aukera ere egongo da, hiriko puntu ezberdinetan banatuko diren izen-emate orrien bidez. Bete ondoren, SAC/HAZ bulegoan utzi beharko dira orri horiek.